- Enpresa horiek izan dira sarituak BASQUE FOOD CLUSTERak eta AZTIk antolatutako sarien hirugarren edizioan.
- La Cocina de Senének Berrikuntza Teknologikoaren kategorian (produktua) jaso du saria; Goxorrubik Enpresa Berrikuntzan (prozesua); eta Casa Eceizak Merkatuetako Berrikuntza.
- Sariak BECen egiten den elikadura-berrikuntzako Food 4 Future ekitaldiaren barruan banatu dira.
- Aintzatespenaren helburua euskal elikagaien balio-katea osatzen duten enpresen berrikuntza-arloko lana eta ahalegina azpimarratzea da.
Bilbon, 2022ko maiatzaren 18an.- La Cocina de Senén plater prestatuen markak, Goxorrubi nekazaritza-enpresak eta Casa Eceiza gozogintza-konpainiak irabazi dituzte BASQUE FOOD CLUSTERak eta AZTI zentro teknologikoak emandako Euskadiko Elikagaien Berrikuntzaren sariak (BTEM 2022).
BTEM sariak bi urtean behin ematen dira, eta pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren hirugarren ediziora iritsi dira, euskal elikagaien sektoreari balioa emateko eta enpresen artean berrikuntzaren eta jardunbide onen aldeko apustua sustatzeko xedez. Sariak BECen egiten den elikadura-balio kateko profesionalentzako berrikuntzaren arloko erreferentziazko Food 4 Future-Expo Foodtech ekitaldian banatu dira.
Sarien epaimahaiak hiru kategoria bereizten ditu: Berrikuntza Teknologikoa, kontsumitzaileen artean behar berriak interpretatzen jakin eta erantzun arrakastatsua lortu duten enpresentzat; Enpresa Berrikuntza, beren ekoizpenean prozesu berritzaileak txertatzeko gai izan diren konpainientzat; eta, azkenik, Berrikuntza Merkatuetan, negozio-kanal berriak identifikatu dituzten enpresentzat.
Berrikuntza Teknologikoaren kategorian, epaimahaikideek La Cocina de Senén gourmet plater prestatu enpresa saritu dute bere “tortilla bidaiaria” izenekoarengatik. Patata tortilla zaporetsu hori metalezko lata baten barruan merkaturatzen da retailean. Ireki eta dastatzeko prest dago, eta hotzik gabe urtebete ere iraun dezake.
“’Tortilla bidaiariak’ saria merezi duten hainbat faktore biltzen ditu. Kontsumitzailearentzat, egunerokoan lagunduko dioten produktu funtzionalak bilatzeko nahiari erantzuten dion eta gero eta indar handiagoa duen hiperkomenientziaren kontzeptuan beste urrats bat ematea da. Era berean, tokiko kalitatezko produktuekin egina dago. Horrek, metalezko ontzi birziklagarriarekin batera, produktu erabat jasangarri bihurtzen du. Gainera, La Cocina de Senének nazioartekotzearen ateak ireki dizkio patata tortilla bezalako produktu bati; izan ere, hasiera batean, zaila zirudien bere propietate guztiak gordez esportatzea”, epaimahaiaren erabakian adierazten denez.
Bestalde, Enpresa Berrikuntzaren kategorian, Donostiako hiri-inguruko lurzati batean landatzen dituen marrubi eta beste fruta batzuen barietateen ekoizpen eta banaketa jasangarrian aritzen den Goxorrubi nekazaritza-enpresa saritu dute. Familiako nekazaritza ekologikoko proiektu horrek 0 kilometroko produktuaren aldeko apustua egiten du, garraiorako bizikleta elektrikoak erabiltzen ditu eta ekonomia zirkularreko eskemarekin egiten du lan, tokiko beste eragile batzuekin lankidetza bilatuz.
“Goxorrubiren proiektuak euskal elikagaien sektorean gaur egun dagoen hainbat erronkari erantzuten die: tokiko produktuen dibertsitate mugatua; ‘landa gunetik mahaira’ ereduaren aldeko apustua, elikagaien garraioak egiten dituen distantziak eta horrek dituen ondorioak murriztuz; landa ingurunearen eta hiriaren arteko deskonexioa; edo frutaren zaporearen inguruan kontsumitzaileak duen atsekabea murrizten ditu. Hori guztia, pandemiak eta azken aldian garraioan izandako grebak nekazaritzako elikagaiak ekoizteko sistemak gertu izateko beharra agerian utzi dutela kontuan hartuta. Gainera, eskalagarria ez den arren, kopiatzeko moduko negozio-eredua da, inspirazio gisa balio dezake eta beste ekintzaile batzuentzat bidea markatzen du” epaimahaiaren hitzetan.
Azkenik, Casa Eceiza gozogintza enpresak irabazi du BTEM saria Merkatuetako Berrikuntzaren kategorian, retailean eta online merkatuan –eta, laster, baita nazioarteko merkatuan ere– hasiera batean artisau-merkatuetarako egokiagotzat jotzen zen produktua arrakastaz sartu duelako, Donostiako Benetako Gazta Tarta, hain zuzen ere.
“Donostiako Benetako Gazta Tarta bere formatu desberdinetan merkaturatuz eta nazioartera zabalduz, Casa Eceizak kalitate handiko eta euskal kultura gastronomikoarekin lotura sakona duen produktu baten kontsumoa demokratizatzea lortu du, gure tokiko gastronomiaren benetako harribitxi bat eskala handian egitea lortuz. Gainera, jasangarritasuna lantzen du, tarta egiteko gertuko hornitzaileen lehengaiak erabiltzen baititu, eta packaginga % 100 birziklagarria da. Horregatik guztiarengatik, bere nortasunarekin eta etengabeko berrikuntzarekin, Casa Eceizak kalitatea bere nortasun-ezaugarri bihurtzea lortzen du” adierazi du epaimahaiak.
Epaimahaia
BTEM Sarien epaimahaiko buru Manu Giner, BASQUE FOOD CLUSTEReko presidentea izan da, eta aurreko edizioan irabazle izan diren enpresen ordezkariek ere hartu dute parte: Asun Bastida Eroski Taldeko Tokiko Produktuaren zuzendari komertziala; Oskar Baraizarra Echebastarreko Komunikazio eta Erakunde Zuzendaria; eta Ander García Drone by Droneko zuzendari teknikoa, Txakoli Txabarriren ordezkari gisa. Ospe handiko hiru aditu independente ere epaimahaiko kide izan dira: Leire Bilbao Innobasqueko, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, CEOa; Carolina Pérez CEBEKeko, Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko, presidentea; eta Jaime Martín, Lantern aholkularitza enpresako bazkide sortzailea eta CEOa.
BASQUE FOOD CLUSTERi buruz
Basque FOOD CLUSTER euskal elikagaien balio-katearen erreferentziazko elkarteak, bertako kide diren enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten du lan. Gaur egun 120 konpainia, erakunde eta entitate baino gehiagok osatzen dute sozietate-oinarria, eta horien artean azpisektore bakoitzeko enpresa liderrak daude. Erakundea Euskadiko elikaduraren erreferentziazko eragile gisa finkatu da, baita enpresa-sarearen eta erakundeen arteko solaskide nagusi gisa ere. Helburu estrategikoen artean, sektoreko enpresei laguntzea nabarmentzen da, merkatu-garapenean, berrikuntza teknologikoan eta berrikuntza ez-teknologikoan, ezagutzan eta kontsumitzailearekiko harremanean balio handiko proiektu partekatuen garapena eta lankidetza sustatuz eta dinamizatuz, bai eta talentua erakarriz eta fidelizatuz ere.
AZTIri buruz
AZTI Nazio Batuen 2030eko GJHekin lerrokatutako erakundeekin eragin handiko eraldaketa-proiektuak garatzen dituen zentro zientifiko eta teknologikoa da. Bere helburua pertsonen etorkizunerako aldaketa positiboa bultzatzea da, gizarte osasuntsu, jasangarri eta zintzorako bidean lagunduz. Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta dago, eta abangoardiako eta balio erantsiko produktu eta teknologia sendoak eskaintzen ditu, zientzian eta ikerketan oinarrituta. 40 urteko esperientzia du AZTIk, 45 herrialdetan du presentzia, hiru egoitza Euskadin eta 290 pertsonatik gorako taldea. Bere ibilbide zabala 1.500 argitalpen indexatuk baino gehiagok bermatzen dute eta bere bikaintasuna bertako ikertzaileengan oinarritzen da. Horietatik % 60 doktoreak dira.